Alter Nativas, Agrotravel y Bidaietiko en los medios GAUR8

Publicado: 18/04/2011 en Documentos
Etiquetas:

BIDEZKO TURISMOA

Garapen bidean dauden herrialdeetanmodu arduratsuan bidaia daiteke.Asko izango dira aurtengo oporretan nora eta nola joan pentsatzen ari direnak. Ohiko ereduak alboratuta, era arduratsuago batean egin daiteke turismoa. Bidaiatzeko eredu berri baten alde ari da lanean Agrotravel bidaia agentzia. Baita Bidaietiko eta Alter Nativas elkarteak ere.Erakundeotako ordezkari banarekin egon da GAUR8.

Turismo arduratsua, etikoa, jasangarria edo bidezkoa. Kontzeptu bera edo oso antzekoa definitzen dute guztiek. Mundu mailan, turismoaren %5a besterik ez da eredu hau jarraitzen duena. Ezezaguna da Euskal Herrian, baina pixkanaka ari da bere bidea egiten.

Bisitatzen dugun tokiko ingurumena babestearekin batera, bertako kulturari errespetua adierazten dio bidezko turismoak. Horrez gain, bidaiariak sortutako diru iturriak zuzenean bertako herritarrek jaso ditzaten bilatzen du,«Turismoa dena polita dela eta sortzen duen guztia positiboa dela esaten digute, baina ez da egia. Bidaiaria, maiz, ez da ohartzen turismoa egiteko moduak bisitatzen dituen herrialdeetan duen eraginaz. Garrantzitsua da horren jakitun izatea, gutxienez». Rebeca Germanen hitzak dira. Iruñeko Alter Nativas elkarteko kidea da.

Kultur aniztasunaren alorrean aritzen dira lanean eta 2003. urtean ekin zioten turismo arduratsua lantzeari. «Turismoa egiteko beste bide bat sustatuz, herrien arteko beste harreman mota batzuk bultzatuko genituela pentsatu genuen. Turismoak, garapen ereduaz hausnartzeko bide ematen digu», adierazi du.

Estatu espainoleko Turismo Arduratsuaren Foroan parte hartzen dute iruindarrek. «2005. urtean hasi ginen beste elkarte batzuekin lanean. Kontsumo arduratsuko eta kooperaziokoerakundeen lan-agendan turismoaren gaia sartu nahi genuen», kontatu du.

Alter Nativas elkartearekin batera,foroak beste bost erakunde biltzen ditu, horien artean Bizkaiko

Zubiak Eginez.Oraindik asko dago egiteko.Sentsibilizazioa, ikerketa eta hausnarketaren bidea hartu du Alter Nativas erakundeak. Zein

turismo mota egiten den, eta nolako eragina duen aztertu dute.

Karibe aldean, espainiar turismo eredua gehien zabaldu den gunean, ohiko turismoak dituen ondorioei begiratu diete.Beste batzuen artean, ondorengoak nabarmendu ditu Germanek:

«Batetik, baliabide naturalak pribatizatu egiten dira. Era horretan, hondartzak bertakoentzat itxi eta bisitarien esku jartzen dira. Bestetik, nekazal komunitateak euren herrietatik bota egiten dituzte, bide batez ingurumenean kalte handia eraginez.

Eta ezin ahaztu langileei ezartzen zaizkien lan baldintza

ezin okerragoak», ohartarazi du.

Germanentzat garrantzitsua da bidaiariak hartzen dituen komunitateak berak turismoari ateak ireki nahi dizkion ala ez erabakitzea. «Turismoaren eraginez, lanpostuak sortu eta diru iturri bihurtzen dela ikusita, beste jarduera ekonomiko batzuk alboratu egiten dira kasu

askotan. Eta horren gaineko erabakia hartzeko aukerak guztien esku egon behar du».

Garapenerako lankidetza erakundea da Alter Nativas eta Brasilgo Turisol sarearekin ari da elkarlanean. «Komunitateetan garatutako landa turismora sustatzen duen erakundea da eta Brasil bertakoak dira bidaiari gehienak –adierazi du–. Bertako

turismo komunitarioa indartzea dugu helburu eta han dauden aukeren berri ematen diegu bertara joan nahi dutenei.

Guk proiektuak eta haien atzean dauden pertsonak ezagutzen ditugunez, nolabaiteko konfiantza dute doazenek. Lehenengo harremana egiten laguntzen diegu

eta ondoren kontaktua zuzena da bidaiariaren eta komunitatearen artean».

Gaur egungo egoera irauli egin nahi dute. «Hegaldian eta

ostatu hartzen joaten da bidaiarien dirua. Eta bertako bizilagunen eskuetara %20a besterik ez doa. Guk juxtu alderantzizko ekuazioa egin nahi dugu», dio.

Alter Nativas ez da bidaia agentzia eta ez du horretarako

asmorik ere. «Agrotravel agentziarekin zer antolatu ari gara begiratzen. Dena den, bere bidaia nork bere kabuz antolatzea da gure nahia. Guk antolatuz gero,bidaiari gehienak hemen ingurukoak izango dira. Aldiz,bestela eginez gero, jatorri desberdinetako bidaiariekin egingo

dute topo, modu horretan bidaiarien taldea aberastuz», adierazi du.

Bidaiatzeko beste eredu bat zabaldu nahian, urtean bizpahiru buletin atera eta Interneten

irratsaioa egiten dute. Maiatzean, gainera, kafe-tertulia egitekoak dira aurtengo bidaia proposamenak

azaltzeko. Data oraindik zehazteko dute.

Agrotravel agentzia Susana Conderen bidaia agentziara

jotzen dutenek eskaintza anitza bezain berezia aurkitzen

dute. Bidaia guztiek betetzen dituzte bidezko turismoaren baldintzak.

Bakarrenetakoa da eta ez du lan erraza. «Ezjakintasuna handia da eta kontzientzia eza ere bai. Gure gizartea ez da beste batzuk bezain heldua kontu hauetan, direla Europa iparraldeko herrialdeak, Italia edota Alemania.

Egia esan, bidezko kontsumoa ere hemen ez dago oso garatuta», esan du.

Milanen egiten den kontsumo arduratsuaren azokatik itzuli berri da. «Harritu egin nau; hamar urte doaz gure aurretik. 100.000 bisitari ditu azokak eta ikustekoa izan da, 60 urteko bidaiariak Perura joan nahi zutela esanez… Kontzeptuak oso barneratuta dituzte, gainera.

Bada elkarte bat, ITR izenekoa, herrialde osoko gobernuz kanpoko erakundeak, bidaia giden editoreak…denak elkartzen dituena.

Oso indartsua da eta guztiak ari dira nor bere esparrutik turismo arduratsuaren alde lanean.Hemen urruti gaude oraindik».

Agentzia ezagutaraztea baino zailagoa egin zaio kontzeptua bera ulertaraztea. «Motxila hartu

eta beren kabuz bidaiatzen dutenek ez dute ulertzen. ‘Nik

egiten dudana ere arduratsua da’, diote. Baina asko dira ‘Lonely Planet’ gida hartuta dabiltzanak; AEBetan idatzitako liburua da hori eta azkenean guztiek amaitzen

dute toki berdinetan turismoa egiten», azaldu du.

«Gainera, krisi ekonomikoaren eraginez low cost eskaintzak, deskontuak, azken orduko prezioak… gailendu dira», dio.

Prezioa izan daiteke askoren eragozpena. «Ezin dira konparatu. Bidaia hauetan beste modu batez iritsi ezingo zinatekeen tokietara zoaz, eta herrialde horren irudi erreala jasoko duzu,bertakoekin harreman zuzena duzulako.

Familien ostatuetan egongo zara… Ohiko bidaia batean bizi ez dituzun esperientziekin itzuliko zara», kontatu du.

Ingeniari agronomoa da lanbidez Susana Conde. Langabezian geratu eta zer egin buruari jiraka hasi zenean erabaki zuen alor honetan hastea. Etengabeko

ikerketa lana eskatzen dio, munduan zehar martxan diren

proiektuen informazioa bildu eta Euskal Herriko turistei eskaintzeko.

Bidaiak antolatzeko orduan bertako erakundeetara jotzen

du. «Gobernuz kanpoko erakundeekin aritzen naiz, ingurumen arloan jarduten dutenekin, bidaia agentziekin…», azaldu du.

Egindako lana emaitza ematen ari da eta une honetan 50 bidaia desberdin ditu, mundu osoan barreiatuak. Eskaintza zabala bezain anitza da. Perun,esaterako, italiar GKE batekin ari da lanean. «Kalean bizi diren haurrak hartzeko lau etxe dituzte. Proiektu sozialak bisitatzeko

aukera ematen da, bertan ostatu hartu, umeekin jan… ekoeskola bat ere badago eta bertan ekologiari lotutako irizpideak irakasten zaizkie haurrei», kontatu du.

Gasteiztarraren esanetan, oso lankide profesionalak aurkitu ditu herrialde askotan. «Latinoamerikan oso aurreratuta daude.

Izan ere, europar asko doa bertara Ingalaterra, Holanda, Frantzia, Alemania… bezalako herrietatik.

Guztiek ere bidaiari arduratsu bezala heziketa handia dute; Holandan bidaiarien %50 dago turismo arduratsua egiteko prest».

Europan ere eskaintza asko du. «Lankidetza arloan baino

gehiago dira ingurumen eta kultura esparruetan ari diren

erakundeak. Eta eurekin egiten dut elkarlana. Orain Islandian ari naiz proposamen berriak lantzen», azaldu du.

Euskal Herrian hasi berri da. «Naturari eta kulturari dagokionean sekulako aberastasuna daukagu, baina askok ez du ulertzen agentzia batek bere proiektuan interesa izan dezakeenik eta bidaiariarentzat erakargarria gerta daitekeenik»,esan du.

Gasteizen oraintxe sortu du Zaramaga langile auzoko bizilagunekin bisita. Eta Bilbon,esaterako, hiri ekologia bultzatzen duen Saramari elkartearekin birziklapen tailerretan parte hartzeko aukera dago. Zorrozaurre

auzoa ere bisita daiteke». Bi adibide besterik ez dira.

Beren kabuz bidaiatu nahi dutenentzat, ikastaroak eta herrialde bakoitzari buruzko txostenak prestatzeko asmoa du.

«Ikastaroan gai asko azter daitezke.‘Nola bidaiatu diktadurapean eta Gobernu militarra duen herrietan?’, edo ‘Kalean eskean ari diren umeei dirua

eman bai ala ez?’, izan daitezke horietako batzuk», azaldu du.

Bidaietiko elkartea

Mari Jose Burgosentzat bidaiatzeko modu honek «ez du preziorik. Askok garestiagoa izango dela uste du, baina ez du zertan.

Enpresa handizkari batek, egia da, prezio lehiakorragoak eskainiko dizkizu, baina era honetan bidaiatzea askoz aberasgarriagoa da, ondo ordaindutako dirua

da», esan du.

Iazko udan Senegalera joan zen Agrotravel agentziarekin eta gustatu zitzaionaren seinale, aurtengo otsailean Marokon izan da. «Geure kasa ibili izan gara orain artean hiru lagun.Dezenteko lana ematen du bidaia antolatzeak, eta, iaz, denbora gainean genuenez, Agrotravel agentziara jo genuen. Bidaiatzeko modurik interesgarriena da, ni gehien aberasten nauena.

Bertatik bertara ikusi nuen nola bizi diren. Marokoko gidaren kasuan, bere familiaren etxera gonbidatu gintuen pare bat egunetarako.Pentsa!», kontatu du.

Abantailez galdetu diogu. Batetik, erosotasuna. «Egutegia eta ibilbidea aurrez zehaztuta daude neurri batean, nahiz eta bertan bidaiariaren eskakizunetara moldatzen den. Oso erosoa zen guretzat, izan ere, gida eta autogidaria

gurekin zetozen eta intereseko tokietara eramaten gintuzten.

Komunikazioak ez dira onak, errepide askotan seinalerik

ez dago, eta geure kabuz askoz denbora gehiago beharko

genuke». Hurbiltasuna da bigarren abantaila. «Bi pertsonez lagunduta joan arren, ez ginen batere

deseroso sentitzen, aldiz, herrialdean integratuta sentitzen ginen, oso modu hurbilean ari ginen dena ezagutzen».

Harrera ona, Herritarren aldetik harrera ona izan zuten. «Gau batzuk gure kanpalekutik kanpo eman genituen.

Herritarrei kanpin dendak jartzeko baimena eskatu eta pozarren ematen ziguten baiezkoa.Baita afaltzera gonbidatu ere, tarteka», esan du.

Garapen bidean dauden herrialdeei lagunduz bidaia daitekeela azpimarratu du. «Bisitarientzat

irekita dituzten ostatuak bertako bizilagunei

nola kudeatu irakasten zien GKE baten lana ezagutu genuen,

adibidez. Gure diru sarrerek gisa honetako proiektuak garatzen laguntzen dute. Aldiz, ohiko turismoan ogi apurrak besterik ez dira geratzen bertan; nazioarteko

kate handietara doa etekina.

Gainera, ingurumenean ez dute kalterik eragiten. Eta euren ohiturak errespetatzen saiatzen zara, ez zureak hara eramaten».

Esperientzia hark bultzatuta, Bidaietiko elkartea sortu zuen Gasteizen, beste bidaiari batzuekin atera. «Helburua kontzientziazioa da, turismo mota hau ezagutaraztea, oraindik Benidormeko turismo ereduaren menpe gaude-eta».

Bidai and Beers egitasmoa jarri zuten martxan. Manuel Iradier kaleko The Man in the Moon pubean elkartzen dira hileko lehenengo ostegunean. «Tabernariarekin

hitz egin eta prest agertu zen. Bera, gainera, Senegalgoa

da, eta bertako jakiak jarri zituen. Gure esperientzia

azaldu genuen bildu ginenon artean», kontatu du.

Dagoeneko sei bilkura egin dira. Hasieran norbaitek bere bidaiaren berri ematen du eta ondoren gai baten inguruan aritzen dira.

Hitzorduak bidaiarien bilkura bihurtzen dira. «Nik uste baino gehiago dira bakarrik bidaiatzen duten euskaldunak. Bada turismo etikoaren kontzeptuaren berri aurrez izan gabe bere bidaiatzeko modua turismo modu honen ezaugarriekin identifikatuta sentitu duenik –adierazi

du–.

Bidezko turismoa praktikan jartzeko ez dago horretan

espezializatutako agentzia batera joan beharrik. Zeure kabuz ere izan zaitezke arduratsua».

Bere esanetan, mentalitate irekia eskatzen du, hori bai.

«Desberdina den zerbaiten bila noa ni, hemen daukagun antzeko formatua ikusteko interesik ez dut. Eta globalizazioaren eragina horixe da, berdin da Dakarren

edo Madrilen zauden, hiri handiak oso antzekoak egiten

zaizkizu. Bidaia antolatuan ibilbidea markatzen dizute eta ez daukazu hortik ateratzerik»,kontatu du Mari Josek Burgosek.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s